Askotan atzera begiratuz, mila irudi etortzen zaizkigulako burura, mila hitz, mila soinu, usain, irribarre, negar, momentu, sentipen... Badagoelako zer esana eta zer kontatua. Eta talaia honetatik ikusi, irakurri, entzun, usaindu, dastatu daitezkeelako.

jueves, 31 de diciembre de 2009

Talaiatik talaiara III [UR BERRI ON!]

Jan genituen iazko 12 mahatsak. Edo usadio eta tradizioek markatzen digutenaren arabera gauerdian joan ginen iaz ere, auzoko edo herriko iturrira, urtea ur berriarekin opatuz txanpaina bailitzan, urteari hasiera emateko asmoz. Edo zergatik ez esan: jarraitzeko asmoz.

Agur esan behar omen diogu 2009ari. Gero arte edo hurrenarte bezalako agurrak ekidin nahi, eta agur esan behar. Askorentzat ez zen urte samurra izango, ez noski.

Unibertsitateko lehenengo azterketekin ekin genion batzuk urteari, ihauteriekin jarraituz eta gure herriak behar zuen "aldaketarekin" segituz.

Jarraipena du jarraipena eman nahi diogun hark. Aukera du, aukera merezi eta eskaintzen diogun hark. Horregatik ez zait gauzei amaiera jartzea gustatzen. Onetik zein txarretik, zer ikasia, erakutsia duelako urteak ere, uneak, denborak, momentuak.

Ekaineko azterketak, eta askotan amesturiko uda aurretik. Baina hori ere, betiko lez, azkarregi igaro da. Barkatu, nahastu egin naiz. Azkarregi igaro ZEN. Baina harira. Ezin utzi aurtengo 10 egun zoragarri deskribatu barik. Nola ordea? Horretarako ez al ginen bada joan Arotz-Eneara? Irakatsi zerbait egingo ote genuen! Ikasi aunitz. Pentsatzeko, izateko modua aldatzeko adina bai behintzat. Izan garelako omen gara gaur, eta garelako izaten jarraituko ei dugula diote. Atzo etorkizuna zena, gaur iragana da. Joan da/zen. Baina irauten du, eta iraungo du orainak ere geroan. Berriro itzuliko balitz, iragan denbora arrotza...

Pasa zen uztaren hila, baita agorrila ere. Iritsi zen iraila, iratzearen hila edo garila (garoaren hila). Eta zergatik ez iparraldean esaten den lez buruila? Mahatsaren hila?

Honekin batera 19 urteak. Eta ikasketak. Lanak, buruhausteak. Baita plazerezkoagoak zaizkigun ikasketak ere. Lagun gehiago. Bloga sortu zen eguna ere ezin ahaztu. Ez eta herriko festak eta etxea ikatzez lepo zikinduta utzi zigun Olentzeroren eguna (Boikotaren eguna izenez ezaguna).

Joan zaigu, baina jarraituko dugu.

Gaur ere, betikoarekin segituko dugu. Jango ditugu 12 mahatsak. Edo ez? Nik aukera egin dut. Nik aurten ere, nahiago gauerdian herriko iturrira joan, eta txanpaina bailitzan, iturriko ur berriarekin urteberriagatik topa egin.

Ez ahaztu 2010ean ere, minutu bat goizero, dituzun gauza onak kontuan hartzeko 60 segundu nahikoak direla, eta beharrezkoak, atzera begiratuz, jarraitzeko.

2010 zORIOntsua lagunok! Egin irri bizitzari!

No hay comentarios:

Publicar un comentario