Askotan atzera begiratuz, mila irudi etortzen zaizkigulako burura, mila hitz, mila soinu, usain, irribarre, negar, momentu, sentipen... Badagoelako zer esana eta zer kontatua. Eta talaia honetatik ikusi, irakurri, entzun, usaindu, dastatu daitezkeelako.

viernes, 13 de noviembre de 2009

Talaiatik, talaiara II

Euskara. Euskara da ekitaldi asko antolatzera bultzatzen gaituen arrazoi nagusia . Euskara da bultzatzen gaituen bidelaguna. Euskara da bateratzen gaituen arrazoia. Baina ez soilik bateratu. Euskara da, munduan zehar bereizten gaituena. Euskarak, Euskal Herritarron hizkuntza izaki, hizkuntza, tradizio, kultura, kirol, artea ulertzeko modua zein nazio ezberdin izatera bultzatzen gaitu. Hala ere, azken honek ekartzen gaitu eguneroko eztabaidara, izan ere arrazoi politiko eta linguistikoak ez ditugu bereizten.

Ez gara edozein herritan bizi. Geure hizkuntza ere gutxiesten duten bizilagunekin bizi gara. Ez-ohiko egoera batean gaude. Hizkuntza minoritarioa den euskara, are eta minoritarioago egin nahi duten zapaltzaileen aurrean bizi gara. Askotan jasanezina zaigun egoera diglosiko baten aurrean. Baina, kasuak kasu, ez ote gara geu, euskararen, gure hizkuntzaren zapaltzaile nagusiak?

Xalbador bertsolari eta euskaltzale handi baten hitzak ekarri nahi nituzke gogora. Hark, herria eta hizkuntza izenpean idatziriko abestian zihoen moduan: batzu herriaz orroit, euskaraz ahantzi, bertzek euskara maite, herria gaitzetsi, hizkuntza ta herria berex ez doatzi, berek nahi daukute konpreniarazi, bata bertzea gabe ez daikela bizi. Benetan abesti bikaina iruditzen zait, izan ere geure herrian, herria eta hizkuntzaren arteko lotura bitxi honen adierazpidea dugu Laboaren ahotsean entzun dezakegun abestia. Baina berriz ere, Xalbadorren hitzei helduz, herria da gorputza, hizkuntza bihotza, beraz, zeren zain ote gaude, gure bihotza eta sentimenduak plazaratzeko? Gure bihotzak dantzan jartzeko?

martes, 10 de noviembre de 2009

Talaiatik, talaiara I

Denok ikusi ditugu eta ikusten ditugu gauzak ilun, beltz. Denok sentitu gara noizbait ezerezaren soldadu. Soldadu hitza, itsusia iruditzen zaigu. Eta da.

Baina gu ez al gara gure izaeraren, gure nortasunaren soldadu?

Zergatik sentitu ezerezaren moduan, zerbait garela eta izan nahi dugula uste dugunean? Izan ere ezereza ez da ezer. Edo bai? Zer da ezereza? Bizitzako uneak ere ba ei dira ezereza, probesten ez badira bederen. Eta bai, askotan ezereza kontsideratzen duguna bada probestea. Izan ere zer da esperientzia denboran zehar bizitako momentuek osatzen duten bidea ez bada? Bizitako momentua izan liteke denbora hutsa. Baina denbora hutsak ere bidea osatzen laguntzen du.

Esperientzia da bizitzako irakasle nagusia. Bizitako momentuek eta esperientzia bizitzen laguntzen dizuten pertsonak ere lagun izan ditzakezu, baina ikasiko duzu beraiengandik zerbait. Irakatsiko dizute.

...izan ere...

...zergatik neurtu bizitza urtetan, eta ez ilusio gauzatuetan, edo urratutako bidearen dotorezian...

Aspaldi jarri nahi nuen esaldia, bere garaian Alberto Iñurrategik esandakoa... eta aunitzetan zer pentsatua ematen duena...

jueves, 5 de noviembre de 2009

EHUko errektore ohia ere blogari


Berria.info atariko blog komunitateak eta blogari guztiok EHUko errektore ohiaren bloga irakurriz disfrutatzeko aukera izango dugu. Juan Ignacio Perez Iglesias, Txinpantze biluzia izeneko bloga kudeatzeaz arduratuko da.

Lehen artikuluaren "Hirugarren kultura" du titulutzat, eta D. Morrisen liburuan oinarritu da blogaren izena jartzerako orduan. Berriak blog asko ditu, Anjel Lertxundi, Pello Zabala eta Imanol Muruarenak besteak beste, beraz adi bloglariok! Blogen munduan murgildurik jarraitu nahi baldin baduzute, www.berria.info/blogak/ atalean blog gehiago izango dituzue.


miércoles, 4 de noviembre de 2009

Google Street View Bilbon izan zen atzo!


Googleek bere mapetan munduko argazkiak jartzeko "auto" bat erabiltzen du, GPS datuak eta argazkiak batera biltzen dituena. Google Street View da auto hau, eta azken egunotan ez da autoa oso urruti ibili, izan ere Arrasate eta Bilboko kaleetan zehar ikusi ahal izan dugu. Atzo izan zen Bilbon hain zuzen. Google Street Viewk, kamara anitzdun begi bat darama kotxearen gainaldean, 12 kameraduna hain zuzen. Begiaren bitartez, 12 kamerek hartzen dituzten erretratuak batean biltzen ditu, eta horrela, irudi osatu bat lortzen da.

Autoa joan ezin daitekeen lekuetarako aldiz bizikleta moduko bat erabiltzen dute. Horrela, lekurik txikienetan sartzeko eta irudiak hartzeko aukera baliatzen du Googleek. Beraz, adi lagunok, blogariok eta Googlezaleok! Laister Euskal Herriko datu eguneratuak Googleeko zerbitzuetan!!

Informazio iturria: Sustatu

A! Eta ahantzi baino lehen, zORIOnak amona!! Urte askotarako!!Osasunez urratu!

Eduki libreen aldekoa izango da Azkue fundazioa


Gaur, azaroaren 4ean aurkeztuko dute Bizkaiko Foru Aldundiaren bitartez, euskararen aldeko ekintzak egitea xedetzat izango duen fundazio berria, Azkue fundazioa. Euskarazko wikipedia sustatzea izango da besteak beste egingo duten lana. orretarako jendea artikuluak idaztera motibatu du, eta bide batez, webguneko eduki libreak ere erabiltzera bultzatuko du.

Euskal Herriko eta Deustuko Unibertsitateek, Euskaltzaindiak eta Bilboko udalak babestuko duen fundazioa izango da, eta arratsaldeko 19:30tan egingo da aurkezpena.

lunes, 2 de noviembre de 2009

Euskara = Gaztelania?


Doktrinatze nazionalista baztertuko duen saiakera egiteko prest azaldu da gaur Isabel Celaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua. Euskara eta Gaztelania maila berean egoteak, euskal gizartearen gehiengoaren erabakia errespetatzea ekarriko duela gaineratuz. Egungo egoerak hizkuntzen errealitatea ukatzen duela esateaz gain, "behargabeko ofentsa" dela adierazi du sailburuak.

Ez da sozialistek eta popularrek eskutik helduta hezkuntza arloan lortu nahi duten aldaketa bakarra, izan ere, ikasliburuetan ere Euskal Herria terminoa hizkuntza eta kultura terminoetara soilik mugatuko dute. Honenbestez, Euskal Herria, Euskadi eta Euskal Autonomi Erkidego moduko hitzek ordezkatuko dute.

Euskarari laguntzeko prest, horrela azaldu zaigu gaurkoan ere Zelaa. Gizartearen gehiengoaren erabakia errespetatzea aitzakiatzat hartu eta populismo merkea eginaz, justifikatu ditu sailburuak gaurko adierazpenak.

Azalduko ote dit errespetua eskatzen duen agintari txit gorenak, gizartearen gehiengoa ordezkatzea zer ote den? Azken hauteskundeetako gehiengo kontzeptua norbaitek azalduko al dit? Erabat ados hizkuntzen berdintasunei dagokionez, baina ez ote da Euskal Herrian ezberdintasun egoera bat bizi, Eusko Jaurlaritzak beregain dituen instituzioetatik hasita?