Askotan atzera begiratuz, mila irudi etortzen zaizkigulako burura, mila hitz, mila soinu, usain, irribarre, negar, momentu, sentipen... Badagoelako zer esana eta zer kontatua. Eta talaia honetatik ikusi, irakurri, entzun, usaindu, dastatu daitezkeelako.

lunes, 26 de abril de 2010

...milesker bidea zuekin egiten uzteagatik... Laster arte!...

I. ZATIA:

Orion, 2010eko apirilaren 17an

Aupa Larraul!

Ez da erraza urte osoan pertsona batzuekin egon ostean eta amaiera gertu dagoela konturatzean, barruan geratzen den sentsazioa. Urruti geratu zaigu urria, eta oso gertu maiatza. Eta tartean hamaika gauza. Hasieran ezagutu genituen bi pailazoak gogoan, Jurgi eta Sergio. Zein baino zein. Jurgi ero hutsa, begirale bezala dakiena eta balio duen pertsona. Sergio entzuten dakien pertsona. Berak esan zidan zentzua ematen niola berak egiten zuen lanari. Oker dabil, niri berak eman dit egiten ari naizen hau egiten jarraitzeko zentzua eta gogoa, funtsean, ilusioa. Ainara zer esanik ez. Plazer hutsa izan da zurekin esperientzia honen zati bat igarotzea. Zuregan ni bat bilatu dut. Besteengan irribarrea sortzeko irribarrea. Irribarrea egitea kostatzen zitzaidan momentuetan ere irribarre eginaraztea lortu duzu, eta penak ahazten lagundu didazu. Areso izan da niretzako gehien ezagutzea kostatu zaidan pertsona. Hasieran, esaten zuen gauza bakoitza entzuteko sekulako errespetua sortu zenidan. Hasieran txarra zela pentsatzen nuen, baina nik uste bere papera agian hobekien betetzen jakin duen koordinatzailea izan dela. Gustua eta dena eman du azkenerako zure “bronkak” jasotzea. Kritika konstruktiboak egiten ikasi dut, eta bai ere hori egitea ze garrantzitsua eta ze ona den ere. Ez ekintzak gauzak baloratzeko soilik, norbera eta ni baloratzeko ere.

Hasieratik oso gustura sentitu naiz Larraulen egin ditudan lagunen artean. Taldean, lasaitasun osoz, ni izaten utzi didate. Naizen bezalako Xabi ezagutzeko aukera eman didate, eta ni neronen burua ezagutu naizen bezala taldeak ere ni ezagutu nau. Lehenengo asteburuan automatikoki batzuengan etiketak jarri nituen. Bai, nik ere etiketak jarri ohi ditut, eta ez naiz damutu, izan ere, etiketa horietako asko erabat gainbehera etorri direlako eta sorpresa ematea lortu dutelako.
Taldea osatu duten guztiei eman beharko nizkieke eskerrak, denek lortu baitute niregan zerbait, baina bereziki Maialeni eskertu behar diot. Askok sekulako harremana genuela pentsatuko zuten, baina ez zen horrela. Maialen eta ni izaeraz oso antzekoak izan bagaitezke ere, ez ginen gaur ezagutzen garen bezala ezagutzen. Gaur, laguntzat dut, oso laguntzat. Larraulen niretzat sekulako makulua izan da. Alai egon naizenean alaiago jartzen lagundu dit, eta triste nengoenean ere irribarre bat, eta laguntza guztia eskaini dit. Maialen ezagutu dut, eta benetan nik uste lagun handi bat egin dudala. Juleni ere eskertu beharko nioke. Egia esateko, beldurra nuen. Iaz ezagutu nuen sekulako pertsona zen, eta nolabait ere nik animatu baldin banuen ere ikastaroan hastera, gerora etorri ziren gure zalantzak. Beldurra genuen ea elkar aguantatzen amaituko genuen. Julenek gehiago disfrutatzen lagundu dit, ikasten, bera entzuten, bera ulertzen eta berarengandik ikasten. Askotan hitz egin dugu gure baitan zer gustura sentitzen ginen ikastaroan, jendearekin, baina inoiz ez elkarrekin. Begirada batez ulertzen ikasi zaitut. Lagun izaten ulertu zaitut, eta askotan elkar hobetu edo aldatu beharrekoak esateak pila bat bete nau.

...JARRAITUKO DU