Askotan atzera begiratuz, mila irudi etortzen zaizkigulako burura, mila hitz, mila soinu, usain, irribarre, negar, momentu, sentipen... Badagoelako zer esana eta zer kontatua. Eta talaia honetatik ikusi, irakurri, entzun, usaindu, dastatu daitezkeelako.

jueves, 31 de diciembre de 2009

Talaiatik talaiara III [UR BERRI ON!]

Jan genituen iazko 12 mahatsak. Edo usadio eta tradizioek markatzen digutenaren arabera gauerdian joan ginen iaz ere, auzoko edo herriko iturrira, urtea ur berriarekin opatuz txanpaina bailitzan, urteari hasiera emateko asmoz. Edo zergatik ez esan: jarraitzeko asmoz.

Agur esan behar omen diogu 2009ari. Gero arte edo hurrenarte bezalako agurrak ekidin nahi, eta agur esan behar. Askorentzat ez zen urte samurra izango, ez noski.

Unibertsitateko lehenengo azterketekin ekin genion batzuk urteari, ihauteriekin jarraituz eta gure herriak behar zuen "aldaketarekin" segituz.

Jarraipena du jarraipena eman nahi diogun hark. Aukera du, aukera merezi eta eskaintzen diogun hark. Horregatik ez zait gauzei amaiera jartzea gustatzen. Onetik zein txarretik, zer ikasia, erakutsia duelako urteak ere, uneak, denborak, momentuak.

Ekaineko azterketak, eta askotan amesturiko uda aurretik. Baina hori ere, betiko lez, azkarregi igaro da. Barkatu, nahastu egin naiz. Azkarregi igaro ZEN. Baina harira. Ezin utzi aurtengo 10 egun zoragarri deskribatu barik. Nola ordea? Horretarako ez al ginen bada joan Arotz-Eneara? Irakatsi zerbait egingo ote genuen! Ikasi aunitz. Pentsatzeko, izateko modua aldatzeko adina bai behintzat. Izan garelako omen gara gaur, eta garelako izaten jarraituko ei dugula diote. Atzo etorkizuna zena, gaur iragana da. Joan da/zen. Baina irauten du, eta iraungo du orainak ere geroan. Berriro itzuliko balitz, iragan denbora arrotza...

Pasa zen uztaren hila, baita agorrila ere. Iritsi zen iraila, iratzearen hila edo garila (garoaren hila). Eta zergatik ez iparraldean esaten den lez buruila? Mahatsaren hila?

Honekin batera 19 urteak. Eta ikasketak. Lanak, buruhausteak. Baita plazerezkoagoak zaizkigun ikasketak ere. Lagun gehiago. Bloga sortu zen eguna ere ezin ahaztu. Ez eta herriko festak eta etxea ikatzez lepo zikinduta utzi zigun Olentzeroren eguna (Boikotaren eguna izenez ezaguna).

Joan zaigu, baina jarraituko dugu.

Gaur ere, betikoarekin segituko dugu. Jango ditugu 12 mahatsak. Edo ez? Nik aukera egin dut. Nik aurten ere, nahiago gauerdian herriko iturrira joan, eta txanpaina bailitzan, iturriko ur berriarekin urteberriagatik topa egin.

Ez ahaztu 2010ean ere, minutu bat goizero, dituzun gauza onak kontuan hartzeko 60 segundu nahikoak direla, eta beharrezkoak, atzera begiratuz, jarraitzeko.

2010 zORIOntsua lagunok! Egin irri bizitzari!

jueves, 17 de diciembre de 2009

Nafar estatua, iragana edo geroa ote?

Ekaitz Aranberri uberarrak eta Xabier Ibarguren oriyotar sutsuak Gorka J. Palazioren ikasgairako egindako ikusentzunezko lana da hau:

Xabier eta Ekaitz, EHU-ko bi ikasle dira eta Gorka J. Palazioren ikasgaiko ataza da hau. Biei ere (eta irakasleaz zer esanik ez dago), nortasun agirian gipuzkoar direla jartzen dien arren, nafar sentitzen dira. Nafarroa da euskaldunon estatua eta formalki orain dela 500 urte inguru desagertu bazen ere, oraindik jendearen bihotzean dirau nafar suak. Iragana izan beharrean, geroa marrazteko indar bezala ikusi behar da lan hau.







Gustatu zaizuelakoan... GORA NAFARROA!

martes, 15 de diciembre de 2009

Manifestazio itzela

Hona Eñaut Gantxegi Berria egunkarian, gaur hilak 15 asteartearekin argitaratu duen artikulu zoragarria. BEC-eko giroa eta komunikabideak, 10 lerrotan.

Gutxitan eskaintzen zaio gertakari bati hainbeste orduko tartea hedabideetan. Halaxe gertatu da EHko Bertsolari Txapelketa Nagusiarekin. Igandeko finalaz aparte, hainbat ordu -Info 7 irratiari esker zuzenean entzun ahal izan ditugu bertsoak, Hitzetik hultzera saio bereziaren plus-arekin- eta lerro bete dira gai horrekin -El Diario vasco-n lau orrialde euskaraz txo!-, eta beronen jarraipena egiten jardun duten hedabideen zerrendak luze joko zuenez, Euskal Telebistan ikusi eta entzundakoaz arituko naiz. Goiz eta arratsaldez bost ordutik gorako tartea telebista batek eskaintzea berezia da, halako gertakari bati dagokion bezala. Saioa aurkezten Josu Goikoetxea eta Estitxu Fernandez -lesakarra, bertsoak kiroletik duen aldea islatzeko ote?-, Barakaldoko BEC delakoan gertatzen zenari adi eta hutsarteei piper pixka bat botaz. Garai batean Donostiako bertsodromotikaireportua dirudien saltsodromora jauzi nabarmena dago. Flaxlait edota une bereziei dagokienez, honako sekuentzia hau osatu du nire burmuinak: jendetza. Bertsolari handiak, pantailan erraldoituak. Herbehereak. Andoni Egaña irribarre iraunkorrarekin (botox?). Gaiak. Iparraldeko bi kaputxadun. Ofizioak. Kartzelako gaia. Kartzelako gaian, kartzela mintzagai. Espetxeetakoak gogoan. Beste hainbat ere bai. Txistuak. On Joxe handia. Baten faltan lau. Mainontzi-n gainera -Lezoko bertso eskolakoen gozagai-.

Teleberri-n (ETB2) eman zuten honen berri ere, eta, finalari sei minutuko tartea eskaintzeaz aparte, bertan jaurti zituzten hainbat bertsoren itzulpena egin zuten; baliteke inguru hauetako erdal elebakar ugarirengan -agintari gehiegi barne- gerturatze bat-nahiz eta azalekoa- izatea. Baliteke baten bat tentatua izatea bertso saioak bikoizteko; hala ere, hainbeste sentipen ezin da hizkuntza soilarekin ulertu. Esan dezatela gero euskaldunek ez dakigula entzuten; zer da orduan Bizkaia Arenan zeuden 15.000 pertsona zain -eta falta ginenak-, pertsona batek zer esango duen? «Nahi duzuena bakarrik entzuten duzue», esango du baten batek, baina hori beste kontu bat da. Kasu, merezi duenari egin behar zaio bereziki. Eta topikoa izango da, baina begi bistakoa onartu behar: zorionak, Maialen! Eta zurekin batera -ez soilik BECen- bihotz, belarri eta emozioen ganbara betetzen aritu zareten guztiei eskerrak.

Artikulua topatzeko egin klik ondoko helbidean: Manifestazio itzela_Eñaut Gantxegi


Beskoitze heskuarari buruzko liburuaren aurkezpena

Hasian hasi liburua argitaratu zuen Henri Duhau idazleak urriaren 16an. Beskoitzeko euskalkiaren egungo ahoskera, aditza eta deklinabidearen nondik norakoak azaltzen zaizkigu liburuan. Iesus Christ gure iaunaren testamentu berria liburuaren egilearen herrian, Beskoitzen bertan aurkeztu zuen liburuaren lehenengo zatia.

Twiterren BNOk nazioarteko albiste agentzia bat sortu du

Telebista: Talaia
Albistea:Twitterreko informazio agentzia
Albistegia: Palazioren albistegia [Leioako Campusetik zuzenean]
Berriemailea:Xabier Ibarguren Azkue
Atala: Komunikazioa
Iraupena: 52 segundu