Askotan atzera begiratuz, mila irudi etortzen zaizkigulako burura, mila hitz, mila soinu, usain, irribarre, negar, momentu, sentipen... Badagoelako zer esana eta zer kontatua. Eta talaia honetatik ikusi, irakurri, entzun, usaindu, dastatu daitezkeelako.

viernes, 30 de octubre de 2009

Itzalketa analogikoa Araban

Gaur helduko da itzalketa analogikoa Arabara. Araiako igorgailua izango da seinale analogikoa igortzeari utziko dion lehena. Gasteizen, azaroaren 10ean utziko dute garai analogikoa atzean, eta ordutik aurrera kanal digitalak soilik ikusteko aukera izango dute.
Hala eta guztiz, Euskalteleko zuntz optikoa dutenek ez dituzte itzalketaren ondorioak jasango eta orain arte bezala ikusten jarraitzeko aukera izango dute, eta gainontzekoek berriz LTD deskodetzailea beharko dute.
Araiako zentruak gaur hasi(ko) baldin badu ere itzalketaren prozesua, azaroaren 10a izango da herrialdeko eskualde gehienetan itzalketaren eguna. Abenduaren 31ean, Bizkaia eta Araba ia osoan trantsizio digitalerako prozesuarekin hasiko dia, eta Gipuzkoa izango da garai analogikoa itzaltzen azkena.

jueves, 29 de octubre de 2009

Talaiatik talaiara, barrura begira noski!

Erraza omen talaia batetik ikusten dena esatea. Omen. Baina zailagoa ote barrura begiratzea? Ez da erraza norberari bizitzak eman dionarekin eguneroko ogia etxera ekartzea. Baina polita eta interesgarria bai bederen. Komunikazioaren mundua atsegin, bizi dugunok, ahotsa, irudia, hizkuntza,... makina bat gauza zaindu beharrak ditugu!

Irratia da hainbatetan amestu dudan komunikabidea. Txikitatik ohitu naiz etxean irratia entzutera. Egunez, sukaldean piztuta egoten bada ere, aitak gauean ere piztuta izaten zuen. Harrigarria izan arren ere, nire aitak lo egiterakoan ere aditzen zuen irratia. Ez naiz nahastu. Aditu diot eta ez entzun. Lo zegoela zirudien arren, irratia itzali bezain pronto begiak irekitzen zituen berriz ere irratia piztutzeko esanez.

Pasadizo soil bat den arren, pasadizoa jendearekin konpartitzean, kostako herrietan aunitzetan gertatzen (jazotzen) zen anekdota zela esan zidaten. Arrantzaleek gauetan irratia amets-lagun harturik zutela lo egiteko ohitura ohartu nintzen. Nire aita ere 20 urtez arrantzale. Horregatik ote?

Gaurkoan, ahotsak gogoratu eta zein esatari gustatzen zaigun esateaz gain, gure ahotsa (gure burua oraindik urrun ikusten baitugu) zein sailetan kokatuko genukeen esatera bultzatu gaituzte. Arantxa Iturbe, Manu Etxezortu, Joxe Juan Ugalde, Beatriz Zabaleta, Arantza Kalzada, Maite Artola, Garikoitz Udabe, Manu Maritxalar, Asier Odriozola, Kaittin Allende... zein hautatuko?

Manu Maritxalar izan da, kirol munduan gehien gustatzen zaidan kirolari dagokion informazio dosiaz asetu eta asetzen nauena. Manu Etxezortu goizero sukaldean, etxekolanak egiten hainbatetan lagundu didana. Kaittin Allende izan da ikastolara lo aurpegiaz joatearen erruduna, gauak Ipurtargiaren argiaz argitzeagatik. Hala eta guztiz, bi dira gaur egun gustatzen zaizkidan eta hautatuko nituzkeen ahotsak: Asier Odriozola (ETB1eko Gaur Egun albistegietako aurkezle ohia), serioa, ahots ederra eta ahoskera hobea. Joxe Juan Ugalde (Albiste Faktoria saioko aurkezlea, Euskadi irratia 07:00-09:30), goizeko iratzargailu bikaina, ezinhobea. Eguneko informazioa modurik gordinenean, ulerterrazenean eta modurik komunikagarrienean helarazten duen esataria.

Nire ahotsa, kiroletarako omen da egokia. Kontuz! Gorka Palaziok esana da, baina kirola baina gehiago albistegiak aurkeztea gustatuko litzadake. Agian nire ahotsak gora-behera gehiegi ditu albistegiak aurkezteko, baina gustua eskatuz gero, horren hautua egingo nuke.

Berriz ere diot: ez da erraza norberari bizitzak eman dionarekin eguneroko ogia etxera ekartzea. Baina ez al da askok amesten dutena? duguna? Talaiaren barrura begiratu dut, eta ez da erraza, norberaren ahotsaz hausnartzea, baina ez ote da garaia gure burua definitzeko, sailkatzeko eta gure zilborrera begiratuz kritika eta gogoeta egiteko?

Haur eta gazte literaturari buruzko saioa gaurtik aurrera ETBn, Ipupomamua


Haur eta gazte literatura aitzakiatzat hartuta, gaurtik aurrera ETB3 eta ETB1en eskutik, euskara hutsean eta astean behin ipuinekin gozatzen lagunduko digun saioa ikusi ahal izango dugu, Ipupomamua. Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Kutxa izango ditu babesle. Guztira 35 saio grabatzeko konpromezua hartu dute, beraz izango da zer gozatua.

ETB1en ostiraletan eskainiko dute, 19:30ean. Ostegunetan aldiz, ETB3n Prime Time ordutegian ikusteko eta disfrutatzeko aukera izango dugu. 25 minutu iraungo du saio bakoitzak, eta ipuinak entzun, ikusi, sentitu eta bizitzeko aukera eskainiko digu Nagore Aranbururen eskutik aurkeztuko den Ipupomamua saioak.

Telesaila haurrei, noski, gazteei, gurasoei, eskolei, idazleei, ilustratzaileei, ipuin kontalariei eta maitaleei…, oro har, haur eta gazte literatura kontsumitzaile guztiei zuzenduta dago. Irakurtzaletasuna bultzatu nahi dute, eta hori lortzeko saio bisuala planteatzen dute, akzioz betea, literaturaren alde ludikoa indartuko duena.

Literatura eskoletako ikasgai astun eta aspergarri izateari uzteko modu bikaina, eta horrela, ikasgelatik ikus-entzunezkoetara aterako dute. Gaurtik aurrera, zuen etxeetan. Hemen da Ipupomamua. 21:35etan gaur, ETB3n.

miércoles, 28 de octubre de 2009

Bigarren bizitzan barna



Bigarren bizitzarik ba ote da? Askotan galdetu dute hainbatek. Batzuk erantzuna ere aurkitu dute, bai eta paradisuarekin berdindu ere. Adan eta Ebaren ondorengoko bizitzarekin nahikoa ez eta bada bitartekorik bigarren bizitzan, bigarren mundu batean murgiltzeko. Iritsi da bigarren bizitza, hemen da Second Life.

Internet bitartez, munduan zehar dauden zerbitzari askoren beste mundu bat da Second Life. Norberak bere burua birsortzeko metodoa da programa honek eskaintzen diguna. Neal Stephensonen zientzia fikziozko Snow crash izeneko nobelan dago oinarrituta Second Life, baita cyberpunk mugimenduan ere.
Bizitza errealean gertatzen den bezalaxe, SL-ek bizitza kultural indartsua du, eta ez da arraroa kontzertu nahiz erakusketak nonahi aurkitzea ez eta hitzaldi interesgarriak ere. Harreman sare eta informazio iturri bikaina izan daiteke gainera, mundu mailako foroa izan bailiteke. Zeren zain zaude? Egin zure abatarea (pertsonaia) eta murgil zaitez bigarren munduan!!