Askotan atzera begiratuz, mila irudi etortzen zaizkigulako burura, mila hitz, mila soinu, usain, irribarre, negar, momentu, sentipen... Badagoelako zer esana eta zer kontatua. Eta talaia honetatik ikusi, irakurri, entzun, usaindu, dastatu daitezkeelako.

martes, 15 de diciembre de 2009

Manifestazio itzela

Hona Eñaut Gantxegi Berria egunkarian, gaur hilak 15 asteartearekin argitaratu duen artikulu zoragarria. BEC-eko giroa eta komunikabideak, 10 lerrotan.

Gutxitan eskaintzen zaio gertakari bati hainbeste orduko tartea hedabideetan. Halaxe gertatu da EHko Bertsolari Txapelketa Nagusiarekin. Igandeko finalaz aparte, hainbat ordu -Info 7 irratiari esker zuzenean entzun ahal izan ditugu bertsoak, Hitzetik hultzera saio bereziaren plus-arekin- eta lerro bete dira gai horrekin -El Diario vasco-n lau orrialde euskaraz txo!-, eta beronen jarraipena egiten jardun duten hedabideen zerrendak luze joko zuenez, Euskal Telebistan ikusi eta entzundakoaz arituko naiz. Goiz eta arratsaldez bost ordutik gorako tartea telebista batek eskaintzea berezia da, halako gertakari bati dagokion bezala. Saioa aurkezten Josu Goikoetxea eta Estitxu Fernandez -lesakarra, bertsoak kiroletik duen aldea islatzeko ote?-, Barakaldoko BEC delakoan gertatzen zenari adi eta hutsarteei piper pixka bat botaz. Garai batean Donostiako bertsodromotikaireportua dirudien saltsodromora jauzi nabarmena dago. Flaxlait edota une bereziei dagokienez, honako sekuentzia hau osatu du nire burmuinak: jendetza. Bertsolari handiak, pantailan erraldoituak. Herbehereak. Andoni Egaña irribarre iraunkorrarekin (botox?). Gaiak. Iparraldeko bi kaputxadun. Ofizioak. Kartzelako gaia. Kartzelako gaian, kartzela mintzagai. Espetxeetakoak gogoan. Beste hainbat ere bai. Txistuak. On Joxe handia. Baten faltan lau. Mainontzi-n gainera -Lezoko bertso eskolakoen gozagai-.

Teleberri-n (ETB2) eman zuten honen berri ere, eta, finalari sei minutuko tartea eskaintzeaz aparte, bertan jaurti zituzten hainbat bertsoren itzulpena egin zuten; baliteke inguru hauetako erdal elebakar ugarirengan -agintari gehiegi barne- gerturatze bat-nahiz eta azalekoa- izatea. Baliteke baten bat tentatua izatea bertso saioak bikoizteko; hala ere, hainbeste sentipen ezin da hizkuntza soilarekin ulertu. Esan dezatela gero euskaldunek ez dakigula entzuten; zer da orduan Bizkaia Arenan zeuden 15.000 pertsona zain -eta falta ginenak-, pertsona batek zer esango duen? «Nahi duzuena bakarrik entzuten duzue», esango du baten batek, baina hori beste kontu bat da. Kasu, merezi duenari egin behar zaio bereziki. Eta topikoa izango da, baina begi bistakoa onartu behar: zorionak, Maialen! Eta zurekin batera -ez soilik BECen- bihotz, belarri eta emozioen ganbara betetzen aritu zareten guztiei eskerrak.

Artikulua topatzeko egin klik ondoko helbidean: Manifestazio itzela_Eñaut Gantxegi


No hay comentarios:

Publicar un comentario